Edukira joan

Arrokaren Kupula

Koordenatuak: 31°46′41″N 35°14′07″E / 31.7781°N 35.2353°E / 31.7781; 35.2353
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrokaren Kupula
Meskiten Zelaigunea
eta
Arrokaren Kupula
Irudi gehiago
Kokapena
Estatu burujabe Palestina
Mendeko lurraldeZisjordania
Palestina Estatuko lurralde-antolaketaJerusalemgo Gobernazioa
HiriaJerusalem
Alde zaharJerusalemgo Hiri Zaharra
Koordenatuak31°46′41″N 35°14′07″E / 31.7781°N 35.2353°E / 31.7781; 35.2353
Map
Historia eta erabilera
Irekiera691
KomisarioaAbd al-Malik ibn Marwan
Arkitektura
Materiala(k)haitzurdina, zurra, aluminioa, kobrea, nikela eta Urrebitsa
EstiloaByzantine art (en) Itzuli
Ondarea

Arrokaren Kupula (arabieraz قبة الصخرة Qubbat as-Sajra) Jerusalemgo Meskiten Zelaigunearen erdian dagoen islamdar tenplu bat da. 687 eta 691 bitartean eraiki zuen Abd al-Malikek, bederatzigarren kalifak. Umarren meskita izenarekin ere ezagutzen da (berez, meskita bat ez den arren), bertan, bigarren kalifa izan zen Umarrek, musulmanek Jerusalem konkistatu zuenean otoitz egin zuen tokia delako. Musulmanek, gainera, Mahoma zerurantz igo zen tokitzat hartzen dute.

Tradizioaren arabera, Kupula Alaren omenez eraiki zen. Jerusalemgo tokirik ezagunenetako bat da.

Musulmanek, Kupularen erdian dagoen arroka, Mahoma zerurantz igo zen tokia dela uste dute, Alarekin biltzeko, Gabriel goiaingeruak lagunduta. Musulmanentzako, toki sakratua da.

Juduek, toki hori, Yahvehren aginduz, Abraham bere seme Isaak sakrifikatzeko zorian egon zen tokia dela diote, non Jakobek zeruranzko eskailera ikusi zuen, eta Jerusalemgo tenpluaren bihotza dagoen tokia. Beste judu tradizio batzuek, mundua eraikitzeko lehen harria jarri zen tokia dela diote. Islamak ere bere baitan hartzen du Abrahamen sakrifizioaren tradizioa, baina, kasu honetan, Abrahamek sakrifikatu beharreko bere semea ez da Isaak, Ismael baizik, bere seme nagusia.

Hamahiru mende baino gehiagoz aldaketa nabarmengarririk gabe, Arrokaren Kupulak, munduko arkitektura altxorrik eder eta iraunkorrenetako bat izaten jarraitzen du.

Tenplu hau 687-692 artean izan zen eraikia, musulmanen hedapenaren puntu gorenenean. Nahiz eta islamak urte asko zeraman etengabeko hedapenean, esan daiteke hau dela islamdar arkitekturaren lehenengo eraikin garrantzitsua. Izan ere, ordura arte arabiarrak herri nomada zirenez, ez zuten arterako ezta arkitekturarako tradizio handirik. Islamdar arkitektura eta artearen garapena beste herri eta kultura batzuekin kontaktuan jartzean gertatu zen. Kontaktu hau gauzatu ahal izateko funtsezkoa izan zen 660. urtean hiriburua Medinatik Damaskora eramatea, Damaskon kultura greko-erromatarren eragina handiagoa baitzen.

Arrokaren Kupula eraiki zen garaian, Damaskoko kalifa eta Mekako kalifaren artean gatazka zegoen. Tenplu honen eraikuntzarekin Damaskoko kalifak erromesaldia Mekatik Jerusalemera igaro nahi izan zuen.

Eraikinaren ebaketa (Frederick Catherwood, 1887[1]

Islamdarrek ez zuten arterako edo eraikuntzarako tradizio handia. Hori dela eta askotan arkitekto edota artista bizantziarrak kontratatzen zituzten. Kasu honetan eraikina diseinatu zuen arkitektoa bizantziarrekin ikasia zen, eta beraien teknikak erabiltzen zituen. Obrako zuzendariak berriz siriarrak ziren eta dekorazioan Konstantinopoliseko artistak ibili ziren.

Eraikina santutegi kristauetan oinarritua dago eta zirkuluetan ibili ahal izateko dago diseinatua, oinplano oktogonalaz baliatuz:

  • Zentrala
  • Oktogonala, 54 metroko diametroarekin
  • Bi ardatz nagusi nabari dira: ipar-hegoaldearekiko paralelo bat, eta bestea mendebalde ekialderantz. Ardatzetan dauden aldeetan ateak daude, ate nagusia hegoaldea izanik.

Solairuaren erdian arroka sakratua dago, eta horren gainean danbor gaineko kupula. Arrokaren inguruan deanbulatorio bikoitza nabari da, zirkunbalazioaren erritualerako. Deanbulatorio hauek banatzeko 2 arkupe ilara daude, txikiena zirkularra eta handiena berriz oktogonala, tenpluaren paretei paralelo.

Kanpoko apainduraren xehetasuna

Oinplano hau joko geometriko desberdinak eginez eraiki da. Oktogono nagusia zirkuinskribatzen duen zirkunferentzian bi karratu inskribatu dira, bata besterekiko 45º-tara. Hauek elkartzen diren puntuetatik lerro desberdinak pasaz, ebaki puntu berriak lortuko dira. Ebaki puntu hauetan arkupe zirkunferentzia txikiena. Karratua eta zirkunferentziaren arteko joko hau Bizantzion asko erabili zen, eta esanahi sinbolikoa du. Karratuak lurra sinbolizatzen du eta zirkunferentziak berriz zerua. Erromesak tenpluan zehar ibiltzean, lurretik zerurako bidearen esperientzia biziko du. Geometrikoki, oktogonoaren bidez egiten da karratutik zirkunferentziara trantsizioa.

Lehen aipatutako arkupe ilara gainean kupularen danborra kokatzen da, forma zilindrikoko pareta bat, eta haren gainean kupula dago, 36 metroko garaierarekin. Bi zurezko egituraz dago osatua, kanpokoa ferra-arku goratu formarekin, eta bere barruan dagoena erdi-esfera itxurarekin. Harriaren ordez zura erabiltzearen teknika hau Siriatik zetorren, eta haren bidez espazioa zabalak egitura arinak erabiliz estaltzea lortzen zen.

Oso modu aberatsean dago apaindua. Ezin aipa daitezke xehetasun guztiak, baina esan daiteke Konstantinopolisko gaiak erabili direla, bai gai geometrikoak, bai lore jokoak, inoiz ez pertsonen irudiak, islamdar artean beti gertatuko den eran.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Drawings of Islamic Buildings: Dome of the Rock, Jerusalem.» Victoria and Albert Museum
    Aipua: «Until 1833 the Dome of the Rock had not been measured or drawn; according to Victor von Hagen, ‘no architect had ever sketched its architecture, no antiquarian had traced its interior design…’ On 13 November in that year, however, Frederick Catherwood dressed up as an Egyptian officer and accompanied by an Egyptian servant ‘of great courage and assurance’, entered the buildings of the mosque with his drawing materials … ‘During six weeks, I continued to investigate every part of the mosque and its precincts.’ Thus, Catherwood made the first complete survey of the Dome of the Rock, and paved the way for many other artists in subsequent years, such as William Harvey, Ernest Richmond and Carl Friedrich Heinrich Werner
    .

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]